• version française
  • Imprimer la page
  • Augmenter la taille du texte
  • Diminiuer la taille du texte

Artzain soilak Artzain soilaren inportantzia

Lehenago ikusi dugun bezala artzaintza oraino bizi-bizia da. Funtsezko jarduera ekonomiko bat da eskualdearendako. Alhagune kolektibo horietan 1200 hazleek baino gehiagok bortuko joan-jina praktikatzen dute. Lurralde hortan etxalde ttipiak badira. Jarduera hori baitezpadakoa baita ere hil edo bizikoa etxalde ainitzendako (hazle transhumanteen sistema). Bortuko joan-jinak larreen libratzea ahalbidetzen du neguko bazka-stock-ak egiteko.

 

Zoritxarrez, duela hogei bat urtedanik etxaldeetan eskulan eskasa senditzen da. Zaintza problemak sortarazten ditu. Berriki gertatu aldaketa horri alternatibak ekarri beharko dira, eta dudarik gabe artzain soilaren sistema aterabideetarik bat izaiten ahalko da.

“ardi esnedunak” eta “behi gorriak” motako hazkuntza-sistemer esker, mendiko bazka-baliabide guziak baloratuak dira. Haatik, alhagune batzu gainkarkatuak dira segur aski. Artzainaren lana behar-beharrezko da beraz. Bazka-baliabidea egin ahala baliatzeko, abere-taldeen gidaritza baitezpadakoa da. Hazle transhumanteek egin zaintza artzain soilak egiten duena baino arinagoa da. Etxaldean egiten duten lanak etxolan denbora osoz egoiteko parada galarazten du. Alta alhaguneetan artzainaren presentzia funtsezkoa da.

Artzain soilak mendiaren menpe direnez mendiaren araberako funtzionamendu mota dute. Etxalderik ez ukanez, bortuko joan-jinaldi osoan etxolan egoiten dira (maiatza hastapenetik urri hondarra arte : hau da urtearen erdia). Egungo egunean, bi sistema horien artean osagarritasun ohargarri bat egiaztatzen da. Dudarik gabe, ondoko urteetan, elkarrekilako menpekotasun hori deigarriagoa izanen da.

Bestalde, instalazio-proiektu bat, ordokia mendia osagarritasun azkar batekin, duten Familia-Ingurutik Kanpoko (HCF) batzuentzat, artzain soila sistema alternatiba bat izan daiteke. Azken urte hauetan, lurraren prezioa azkarki emendatu da. Testuinguru horrek Familia-Ingurutik Kanpokoendako etxalde baten berriz hartzea zailtzen du. Artzain soilaren sistemak diru-ezartze guti galdegiten du. Artzaina artalde baten bai eta ere gehigarri batzuen jabe da (bereziki gasna ekoizteko). Udan, gaineko lurrak mendi sindikatari prezio zuzenean alokatzen ditu. Neguan haatik, bazkalekuak bai eta ere artegi bat jabe batekin negoziatu behar ditu. Artzain soilaren estatutua egonkortasun aldakorrekoa da, negualdiak bere funtzionamendua ahultzen du.

Ekoizpen nagusia artzain-jarduerarekin batera tokiko arrazetatik (aberastasun iturri lurralde batendako) atera ardi-esnea da. Euskal mendian, egungo egunean, tokiko hiru arraza bat bestearen ondoan bizi dira : euskal-biarnesa, manex buru gorria, eta manex buru beltza. Zonbait urteetan, aldaketa argi bat abiatu da. Manex buru gorria emankorragoa delakoan hazleek lehenesten dute Manex buru beltzaren (ardi azkarra eta bizi-baldintza gaitzak pairatzeko gaitasuna duena) kaltetan. Hazkuntza estrategiak aldatu dira, mendia eta hazlearen arteko bai eta ere hazleen arteko harremanak errotik aldatuz. Ondorioz, artzain-praktikak kanbiatu dira, eta ibarren laborantza-ekonomiarekin hertsiki lotuak dira.

Egoera hori zinez kezkagarria da geroarentzat. Alabainan, manex buru beltza, euskal mendietako printzesa, euskal laborantza-artzaintza ohituraren oinarria da. Jada, azken urte hauetan gertatu den mendi-deiztearen apaltzea eta ondorioz gasnatzearen beheititzea penagarria da. Euskal Herrian, etxolek araudiarekin bat egin dezaten burutu den politikak eta transformazio-gela higikorren erosketak (hogeita hamar bat) apaltze hori eztitu dute. Euskal mendiaren itunak, Oztibarreko sindikatak eta Euskal Herriko Artzainak elkarteak artzain soil ofizioaren inportantziaz jabetu dira eta gure mendien orekan funtsezkoa den sail hori defendatzeko eta biziberritzeko ahaleginak egiten dituzte.

LAHONDO-KO ARTZAINAK ( 3.6 Mb)-i buruzko artikulu hori zabaltzea interesgarria iruditu zauku   ( 3.6 Mb) (Jean Léon Egurbide-k idatzirik, le Journal de St Palais). Artzain soilaren definizioa ezberdina da ; bainan artikulu horrek bi bizimolde desberdin erakusten ditu, ohizko lan-metodo batzu agerian utziz, emeki emeki galtzen direnak....

Idazki hau Euskal Herriko Artzainen elkartearekin partaidetzan idatzia izan da. Elkarte horrek artzainen instalazioa laguntzen du eta proiektu desberdin batzu eramaiten ditu artzain-jardueren begiratzeko eta baloratzeko. Urtero Bortuaren Eguna antolatzen du Iratin. (Bortuaren egun-eko bideoa )

 
Asmatze eta obratze : Novaldi